XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

f) Materiaren zikloa

Energiaren garraioa norantza bakarrekoa da eta ez ziklikoa.

Aldiz materiarena, deskonposatzaileen ekintza mineralizatzaileari esker, ziklikoa da.

Hiru ziklo-mota nagusi daude.

Bata uraren zikloa, konposatu natural honen mugimendua eragiten duena.

Beste biak elementuen zikloak dira; organismo biologikoak eta beren ingurune geologikoa (atmosfera eta litosfera) ukitzen dituztenak, eta ziklo biogeokimiko izenaz ezagutzen dira.

Ziklo biogeokimiko batzuetan, atmosfera da elementuaren erreserba nagusia, zeina gas-egoeran aurkitzen bait da.

Ziklo hauetan elementuaren ugaritasuna eta banaketak aldaketa gutxi jasaten ditu edo gutxienez era ez-jarraian.

Karbonoaren eta nitrogenoaren zikloak dira gas-egoera nagusia den zikloen artean garrantzitsuenetarikoak.

Beste ziklo batzuetan, erreserba nagusia litosfera da, zeinetatik elementuak atmosferaren ekintzagatik askatzen bait dira.

Hauek, fosforo, sufre eta iodoak kasu, nolabait gelditzeko joera azaltzen dute; hau da, parte bat ozeano-hondoko sedimentuetan galtzen da, organismoentzat eskuraezin bihurtuz.

1) Uraren zikloa

Ura funtsezko gaia dugu bizitzarako.

Izakietan pisuaren %63 eta algetan %95 da.

Lurrazalean ere ugaria da.

Naturan urak ziklo bat osatzen du.

Ziklo honetan zehar hiru egoeratan (likido, solido, gas) dauden ur-kantitateen etengabeko trukeak gertatzen dira.

Alde batetik, ozeano, laku eta ibaietako ura lurrinduz doan eran, atmosferara iragaten da gas moduan (ur-lurrina).

Gertaera honi lurrinketa deritzogu eta ozeanoetan gertatzen da nabarmenen.

Bestetik, atmosferako ur-lurrin hori kondentsatzean likido bihurtu eta lurrerantz jausten da: ur-tantak, kazkabarra, elur-malutak; prezipitazioa dugu gertaera hau.

Lurrera helduta prezipitazioko urak bide desberdinak har ditzake.

Parte bat iragazi egiten da akuiferorantz berriro ere lur gainera azaltzeko (iragazketa).

Beste parte bat, eta eguzkitiko energia dela medio, lurrindu egiten da atmosferara bueltatuz, baina lurrinketa hau landareen transpirazioarekin batera gertatzen da.

Azkenik, badago beste parte bat iragazi gabe eta lurrindu gabe aldapan behera grabitatez isurtzen dena, erreka edo ibai baten bila (lurgaineko isurketa).